Ciclista Foot–Ball Club
Klub hori, gainera, gurea da: txuri-urdina.
Historia
Gure klubak 1905etik zeraman San Sebastián Foot-Ball Club izenarekin partidak jokatzen. Elastiko zuria, galtza urdinak eta hiriko inizialak («SS») zituen jantzita bularrean urdinez brodatuak.
Talde hau San Sebastián Recreation Clubeko zenbait foot-ballista gaztek eragindako zatiketaren ondorioz sortu zen. SSRC hau Vasconia Foot-Ball Clubaren ondoren (1903), Donostian ezagutzen den bigarren foot-ball kluba izan zen.
Orduko San Sebastián Recreation Club —gaur egun Donostiako Tenis Elkarte Erreala— Lawn-Tennis kluba da funtsean, foot-ball saila duena eta 1905eko Espainiako Txapelketan (Kopa) parte hartzera ere iristen dena. Uniforme berde eta horia zeraman soinean.
Arazo burokratikoez gehiegi arduratu gabe, San Sebastián Foot-Ball Clubak gora egiten jarraitzen du. 1908ko amaieran konturatzen dira ezin zutela 1909ko Txapelketan parte hartu, Gobernu Zibilean gutxienez urtebetez izena emanda egotearen baldintza betetzen ez zuelako.
Arazoa konpontzeko, eskakizuna betetzen zuen Club Ciclista de San Sebastiáni proposatu zioten bi erakundeen bat egitea, Club Ciclistaren erregistroari eutsiz baina elkate berriaren izena aldatuz.
1908ko azaroaren 29an Ciclista Foot-Ball Cluba jaio zen. Interesen batasun honetan Ciclistak bere inskripzioa aurkeztu zuen erregistroan eta Foot-Ball Clubak diru–sarrerak. Foot-balla kirol bezala ezagunagoa izaten hasia zen iada.
Armarria
1909ko otsailaren 21ean, mende hasierako urte haietako Inauteri desfile ospetsu eta ikusgarria ospatu zen. Desfilean bigarrenik, «Txirrindulari Karabana, ‘Ciclista Foot-Ball Club’ak aurkeztutako apaindutako makinen taldea» deituriko bat da ageri.
Buruan eta pedalei eraginez, handik gutxira txapeldun izango ziren, Mariano Lacort eta Txomin Arrillaga aurki ditzazkegu, «CFC» monograma osatzen duten bi ‘C’ eta ‘F’ gurutzatuen ikurra daramatela.
Monogramak («CFC») Ciclista Foot-Ball Clubaren inizialak irudikatzen ditu. Izen hori Kopako txapeldunaren benetako izen gisa aldarrikatu nahi dugu, Club Ciclista de San Sebastián izen okerraren ordez.
Txirrindulari Karabanarena da, orain arte behintzat, ezagutzen dugun Ciclista Foot-Ball Clubaren armarriaren irudi bakarra. Jatorrizko erreferentearen interpretazio eta/edo erreprodukzio amateurra abiapuntu, lanean jarri ginen, hau berregin, berreskuratu eta aldarrikatzeko asmoz.
Abiapuntu den irudi honen bi ‘C’ letren diseinua garai hartako beste armarri batzuetan sarri aurki daiteke, ez ordea irudiko ‘F’ letrarena. Azken hau desorekatu samarra agertzen zaigu erremateetan: oso nabarmenak bere goiko aldean eta erabat desagertuak behekoan.
Gure taldeetariko asko sortu ziren garaian, ohikoak izaten ziren monogramaz osatutako edo bere baitan monogramak zeuzkaten armarriak. Badira iraun duten monogramak, geroago berreskuratu edo berrinterpretatu izan direnak edota besterik gabe sortu berriak.
Hasiera batean, gure monograma garai hartako armarri batzuen «estiloan» berregiten saiatu ginen, gutxira eritziz aldatu eta pentsatu genuen jatorrizko irudiaren interpretazioa zen horri jarraitzea interesgarriagoa izan zitekeela eta hortik jo genuen.
1905tik txuri–urdin
Ciclista Foot-Ball Cluba San Sebastián Foot-Ball Clubaren kolore berdinekin hasi zen jokatzen: elastika zuria, monograma armarri moduan («iniciales en el pecho» [«inizialak bularrean dituela»]) urdinez brodatuta eta galtza urdinak.
1909ko martxoan taldeak elastikoa gaur egun ezagutzen dugunagatik aldatu zuen. Bere lehen partida txuri-urdinez urte horretan martxoaren 7an jokatu zuen Atotxako Belodromoan Irungo Racing Cluben aurka.
Garrantzitsua da azpimarratzea 1909ko Kopan Ciclista Foot-Ball Clubaren garaipenak ematen diola Realari 1928ko lehen Liga txapelketako hamar sortzaile eta partaideetako bat izateko aukera. Izan ere beti ulertu izan da Reala Ciclistaren jarraipena izan zela.
Sociedad de Foot-Ballen sorrera txirrindularien eta foot-ballisten arteko desadostasunen ondorio zuzena izan zen. Hamaika hilabete lehenago elkartu ziren horiexek orain banandu egingo dira, foot-ball ataleko jokalari eta zuzendariek elkarte berrian jarraituko dutelarik.
CFCekoaz gain, lan–prozesuak SSRC eta SSFCaren monogramen aurkikuntzak «oparitu» zizkigun.
Azken hau, 1909an Sociedad de Foot–Ball sortu zenetik, Realaren armarriaren banderan ageri dena izan litekela uste dugu.
Karabanaren irudiaz gain, Realaren jatorrian den kluba hobeto ezagutzen lagunduko diguten argazki edota dokumentu berriak agertuko direlakoan gaude.
Espazio berri hau ireki dugu, hasierako bertsioan twitterreko hariaren atzetik doana, baina aurkitzen eta sortzen joan daitezken edukiekin eguneratzen joatea da gure asmoa.